2005. urtetik, Gero Axularrek, Zorroaga Fundazioarekin eta Matia Fundazioarekin elkarlanean, Gabonetako jaialdi bat antolatzen du aiton-amona egoiliarrentzat, Zorroagako elizan.
Abenduaren 22an ospatzen dugu jaialdia, Olentzerori harrera egiteko. Egun berezi horietan, aiton-amonek konpainia eta alaitasuna bilatzen dute, eta gure dantzariek, Gabonetako ilusioz beteta, dantza eta musikaren bidez transmititzen diete hori.
Azken batean, jarduera ludiko bat izateaz gain, funtzio terapeutikoa ere badu, eta adinekoen zahartze aktiboa, osasungarria eta zoriontsua sustatzen du.
Olentzero Axular LizeoanGero Axular Aieten sortua da, hain zuzen ere, Axular Lizeoan, eta betidanik parte hartu nahi izan dugu auzoko bizitzan, euskal kultura auzotarren artean zabaltzeko asmoz. Hala, modu batean baino gehiagotan egiten dugu gure ekarpena.
Alde batetik, Axular Lizeoko haurrek harrera egiten diotenean Olentzerori, gune polit-polit bat prestatzen dugu, baserri eta guzti, protagonistarentzat eta laguntzaileentzat, eta txalaparta-soinuarekin eta kanta herrikoiekin girotzen dugu eguna.
Olentzeroren desfilea Donostiako erdialdean
Hainbat urte daramatzagu Donostiako Udaleko Festak Sailarekin elkarlanean, donostiarrek, zenbait ekitaldiren bidez, euskal kultura eta tradizioa eskura izan dezaten.
Euskal jantziaren alde dugun konpromisoa dela eta, ekintzak antolatzen ditugu baserritar jantziarekiko sentsibilizazioa lantzeko eta janzteko era egokia zabaltzeko; adibidez, abenduaren 24an, arratsaldez, udaletxearen terrazan, zapiak jartzen erakusten diegu bertaratzen direnei, aholkuak ematen ditugu eta haurrek Olentzeroren eta Mari Domingiren irudiak margotzen dituzte (eta, jakina, ez dira gaztainak falta).
Halaber, gure dantzariek, bai txiki-txikiek bai helduek, Olentzeroren desfilean parte hartzen dute, Donostiako erdialdera Gabonetako abestiak eta euskal dantzak eramanda.