Juan Luis Unzurrunzaga (Donostia, 1963) Gero Axular Kultur Taldearen sortzailea, arduraduna, zuzendari artistikoa eta dantza-akademiako irakaslea da. Berrogei urte baino gehiago daramatza dantzaren munduan: dantzari hasi zen, koreografo- eta zuzendari-lanetan aritu da, eta epaile ere bada nazioarteko dantza-lehiaketetan (zehazki, Zakopaneko Highland Folklore jaialdian, 2019. urtetik). Gaur egun 210 ikasle baino gehiago ditu, eta dantza tradizionalak irakasteaz gain, euskal ekitaldiak antolatu eta ikuskizunak prestatzen ditu.
Juan Luis, Gero Axularren
Axular Lizeoko dantza-irakasle hasi zen 2002. urtean, eta, handik 2 urtera, GERO Axular Kultur Taldea sortu zuen. Melodia herrikoiak eta euskal dantzako pausuak baliatuz, Geron egin duen ibilbidean, 90 minutuko zortzi ikuskizun plazaratu ditu: Sasi Artean (2005), Lamien Basoa (2007), Talaia (2009), Xereta (2011), Argizaiola (2013), Itzal galdua (2015), Agorrila (2017) eta Higa (2021). Ikuskizunek istorio bat kontatzen dute berak sortutako koreografien bitartez, Euskal Herriko gertaerak oinarri hartuta eta eszenografia primeran zainduta, ikusleak istorioan murgiltzeko.
GEROrekin Euskal Herriko hainbat oholtzatara eraman ditu bere lanak, baina nazioarteko birak ere egin ditu, euskal dantza tradizionalak Europako jaialdi ugaritan erakutsiz: Hello! Schoten (Belgika), Rudolstadt Festival (Alemania), Grand Prix of Folklore (Ribnitz, Alemania), Aberdeen International Youth Festival (Eskozia), XXVI International Folklore, Meeting (Lublin, Polonia), Duna Menti Folklórfesztivál (Hungaria), besteak beste.
Urte hauetan zehar, bi nazioarteko dantza-lehiaketatan hiru sari lortu ditu taldeak; batetik, 2011n, Llangollengo (Gales) folklore-jaialdian, dantza tradizionalaren kategoriako eta banakako dantzaren kategoriako irabazlea izan zen, eta, bestetik, 2015ean, Groznyn (Errusia), Txetxeniako Kultura Ministerioaren sari berezia jaso zuen.
Azkenik, The Dancer saiorako prestatutako koreografia nabarmendu behar dugu : Harri. Hamar dantzarirentzako koreografia honekin eta Alos Quarteten musikarekin, bi minututan, euskal folklorearen aberastasuna erakutsi nahi izan zuen Juan Luisek. Ikusleak txundituta geratzea lortu zuten dantzarek, eta Lola Índigo, Rafa Méndez eta Miguel Ángel Muñoz epaileek aukeratu ez bazituzten ere, hitz ederrak esan zizkieten, eta asko baloratu zuten euskal tradizioa hain ondo zaintzea.
Bere alderdi kreatiboari erreparatuta, eta gure mugetatik kanpo, nabarmentzekoak dira Gannateko (Frantzia) Les Cultures du Monde jaialdiaren 49. edizioaren irekiera ofizialerako prestatutako koreografia eta I French Gannat International Folk Art Festival in Qingxu (Txina) jaialdiaren amaierako ekitaldirako prestatutakoa. Azken horretan, gonbidatuta zeuden delegazio guztietako ordezkariek parte hartu zuten.
2019tik aurrera, folklore tradizionalean eta folklore-jaialdietan espezializatutako aholkulari gisa aritu izan da:
- 2019. urtean nazioarteko epaimahai izendatua izan zen Zakopane Folklore Jaialdian beste hainbat folklore munduko adituekin bat "Festival of Highland Folklore" -n, Polonian.
- 2021. urtearen amaieran, JANAPADA Virtual International Folklore Festival izeneko jaialdian parte hartu zuen; zehazki, Indiako Manipal Academy of Higher Education eta Australiako Deakin University erakundeen arteko lankidetza-proiektuan.
- 2023ko urrian, I French Gannat International Folk Art Festival in Qingxu (Txina) jaialdiaren antolakuntzan lagundu zuen.
- 2023-2024 ikasturtean, Erasmus+ programaren barruan, Sport and Art proiektuarekin elkarlanean hasi zen. Proiektuak 3 ikasturteko iraupena du, eta Sofia, Praga eta Leongo unibertsitateek parte hartzen dute.
Juan Luis, Gero Axular sortu aurretik
Hamabost urte zituela sartu zen Eskola Dantza Taldean. Dantzari fina izan zen oso, eta horren erakusle dira dantza-lehiaketetan eskuratu dituen sariak:
• Lehen saria Llangollengo International Musical Eisteddfod jaialdian (Gales, 1991)
• Lehen saria Zakopaneko Highland Folklore jaialdian (Polonia, 1993)
Emanaldi bereziak ere eskaini ditu gurean: Oleskari Zaharra operan parte hartu zuen, Euskadiko Orkestrarekin eta Andra Mari Abesbatzarekin batera, eta bakarlari izan zen Amaia operan, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta ABAO abesbatzarekin batera.
Dantzari ari zela, zuzendari-lanetan hasi zen Josetxo Fuentes zuzendariaren laguntzaz, 1997an bere gain hartu zuen arte Eskolako zuzendaritza artistikoa. Zazpi urte eman zituen jardun horretan, eta hainbat koreografia eta obra sortu zituen; besteak beste, Hartzaren Ehiza (1995), Hotsean (1997), Gernika (1998), Hirugarren Hegoa (1999) eta El Caserío (2001). Garai hartan, gainera, berriro irabazi zuen Zakopaneko lehen saria, berak zuzendutako taldearekin.