GEROn, dantzariez gain, musikari talde bat ere badago, dantza taldearekin batera aritzen dena.
Musika-taldea abeslari eta musikariek osatzen dute. Instrumentu tradizionalak (txistuak, txalaparta, panderoa, trikitrixa, etab.) nahiz beste esparru batzuetakoak (gitarrak, baxuak, biolina, etab.) erabiltzen dituzte.
Taldean, denboraldiaren arabera, maila profesionaleko 7-10 musikarik hartzen dute parte. Alabaina, ez dira musika-piezak jotzera mugatzen. Gainera, interpretatu beharreko piezak moldatzen hartzen dute parte, eta, besteak beste, koreografien beharretara egokitzen dituzte.
Jatorrizko piezak ere osatzen dituzte. Esate baterako, Iparra, Andoni Iparragirrek (musika zuzendaria) HIGA obrarako konposatua, edo Geroa eta Lasarte-Oriatarrak bezalako piezak, egile berak konposatuak, ikuskizunerako. Aipatzekoa da Andoni Iparagirre 2004. urtetik daramala GERO taldean; taldea sortu zenetik, alegia.
Ostiraletan egiten dira taldekako entseguak, astean zehar banaka egindako lana egokitzeko. Entseguak areagotu egiten dira emanaldiak hurbil daudenean, eta ikuskizun edo bira berriak prestatu behar direnean. Azken hauetan dantzariekin batera egiten dira entseguak.
Nahiz eta kasu askotan musikari profesionalak izan, pertsona horiek altruistikoki kolaboratzen dute taldearekin. Egiten dutena gustatu egiten zaie, eta euskal kulturaren bidez gozatzeko leku bat aurkitzen dute GERO dantza-taldean. Musikarietako batzuek familia harremanak dituzte taldeko dantzariekin; beste batzuek, adiskidetasun harremana dute taldearekin; beste batzuek proiektua atsegin dute eta gozamen hutsagatik hartzen dute parte.