GEROk boluntarioen sareari esker egiten du bere jardueraren zati handi bat. Boluntarioek aisialdiaren zati bat eskaintzen diote taldeari, hainbat zereginetan: bulegoko lanak, mantentze-lanak, musika-tresnaren bat jotzen, jantziak josten, eta abar.
Boluntarioetako asko taldeko dantzarien senideak dira, baina badira haiekin inolako loturarik ez dutenak ere, proiektuan sinesten dutenak eta euren lanean laguntzen dutenak.
Jarraian, haietako baten testigantza aurkeztuko dugu.
DANTZATZEN DUEN HERRIA EZ DA INOIZ HILKO
Txiki-txikitatik jaso dut etxean euskal musika, kultura eta dantzarekiko miresmena, eta errotuta dut euskalzaletasun hori zainetan. Iaioa izan edo ez, musika entzun eta hankak ezin geldirik eduki, biak bat dira nire kasuan. Ezin dut musika entzun eta geldirik egon edo. Irrintziek eta oihuek ihes egiten didate. Dantzan traba egiten duten zapatak, poltsa edo eskuan zenuen garagardo hori, biribilaren erdian lurrean utzi, eta hortxe jarriko naiz musikaren erritmoan gozatzen. Halako batean, inoiz aurrez ikusia ez zenuen dantzakide batekin ari zara zeure mugimenduak bateratzen. Kezka guztiak une batez alde batera utzi, eta une ederra gozatzeari ekiten diozu, izerdi patsetan lurrean eserita amaitzen duzun arte. Hain gurea den zerbait, edonon eta edonorekin partekatu eta goza dezakezu beti.
Duela ia 11 urte inguru ekintza hau berreskuratzeko une aproposa ikusi genuen etxean. Geure seme-alabek ere sentimendu hori gugandik jasotzea nahi genuen eta, ez hori bakarrik, zirrara hau elkarrekin gozatu nahi genuen. GERO Axularrek aukera paregabea eskaintzen zigun, familia gisa, guztiok jarduera honetan gozatzeko. Giroa, jarduerak, lan egiteko modua… guztiz aproposak iruditu zitzaizkigun.
Musikaz eta dantzaz modu askotara goza daiteke. Ikusle edo entzule izatea nahikoa izan daiteke, batzuetan. Baina jardunean eta ikuskizunean barneratzen zarenean, gozamena areagotu egiten da. Hori izan zen geure hatua. Lehenbizi, gauza txikietan laguntzen hasi ginen. Poliki-poliki taldearekiko atxikimendua sortu, eta lotura handiagoa sentitu genuen. Jantziak atontzen eta josten laguntzen hasi ginen. Argazkiak eta bideoak egiteari ere ekin genion. Aurkezpentxoak prestatzen hasi ginen. San Tomas egunean txistorra frijitzen. Gure seme-alaben eta taldekide guztien lagun eta konplize beti ere.
Oholtzara igotzeko egokiera ere sortu zen. Emanaldiak hasi aurreko uneetan sentitzen den zirrararen poza ezin da hitzez azaldu. Dantzari guztiak urduri, azken prestaketa lanetan, abarkak lotzen, kateorratzak han eta hemen jartzen, hankak eta burua berotzen… Giro paregabea oholtzaren atzean igartzen dena une horietan. Han egon denak baino ez daki zer pizgarria den esperientzia.
Ez dut inoiz ahaztuko gure seme alabek entsegu gelan dantzatzen ikusi gintuzten lehen aldia. Emozioz piztu zitzaien aurpegia, nahiz eta lotsa pixka bat ere ezin ezkutatu. Alabaina, geuk bezala, haiek ere ulertu zuten dantzak laurok lotzen gintuen jarduera zela; familiak partekatzen zuen zaletasun kuttuna.
Pertsonalki, ama, bikote eta lagun naizen aldetik, GEROren proiektuetan inplikatzea, abentura paregabea dela esatea besterik ez zait gelditzen. Segi dezagun dantzan, segi dezagun ametsetan!
Oihana Amonarraiz