Hastapenetan, 40 dantzari gaztek osatutako talde xume batekin abiatu zen GERO 2004. urtean. Gaur egun, adin guztietako 210 dantzarik osatzen dute taldea. Urte hauetan guztietan, taldearen hazkundeari eta bilakaerari egokitzen joan behar izan dugu. Azken urratsa 25 eta 65 urte bitarteko pertsonek osatutako helduen taldea sortzea izan da.
Dantzariek 2 eta 5 ordu bitartean ematen dituzte astean entsegu lanetan, beti ere, adin-taldearen arabera. Bestalde, taldearen bizitzaren barruan garatzen diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera ere izaten dute, adinaren, interesen edo gaitasunen arabera.
Dantzari guztien hasiera-hasieratik dute folklore tradizionaleko emanaldietan eta festetan parte hartzeko aukera. 9-10 urtetik aurrera, formatu handieneko ikuskizunetan ere hasten dira hartzen parte. Horrela, agertokiekin, publiko orokorraren aurrean egiten diren emanaldiekin ohitzen dira; alegia, garapen eszenikoa, gidoia, errealizazioa, teknikarien parte-hartzea, etab. dituen obra batean aritzea zer den ikasten ari dira.
Prozesu hau pixkanakakoa da, eta heldutasunera iritsi eta esperientzia irabazi ahala, ardura handiagoa hartzen dute dantzariek ikuskizunen prozesuan eta garapenean. 16 urtetik aurrera, konfiantza-maila handia lortzen dute, eta, horri esker, autonomia handiz moldatzen dira auditorioetan, antzokietan zein aire zabaleko agertokietan, Euskadin eta Euskaditik kanpo.
GEROn HAZI, DANTZAN BIZI
5 urte nituela jada egiten nuen Euskal Dantza ikastolan, eta GEROren dantzari ere izan naiz taldearen jaiotzetik bertatik. Hasieran, neska gutxi batzuk eta nire ikasturteko mutilen bat baino ez ginen taldean; baina ilusio handiz hartzen genuen parte. Mutil batzuk gehiago konbentzitu genituen, eta hasierako talde bat osatu genuen: 8 neska eta 8 mutil.
Entseguak gimnasioan egiten ziren, ispilurik eta ekipamendurik gabe. Juan Luisek CD bat martxan jarri, eta dantzak erakusten zizkigun. Laster hasi ginen Sasi Artean prestatzen, GERO dantza taldearen lehen ikuskizuna. Jantzi ederrak eman zizkiguten, eta San Bartolome ikastetxeko areto nagusian estreinatu genuen obra. Atzetik, beste emanaldi batzuk etorri ziren, han eta hemen, hainbat herri eta plazatan. Gero eta ikusle gehiago bertaratzen ziren gu ikustera. Nola estutzen gintuen urduritasunak!
Gogoan dut, halaber, Segurako aterpetxera joan ginen lehen aldia. Hantxe ikasi genuen jantziak janzten eta behar bezala orrazten. Garaziren urtebetetzea izan zen (2 urte). Uda hartan kanpora bidaiatu behar genuen dantza-jaialdi batean parte hartzera, eta bidaia prestatu behar genuen. Segurara joatea udan etorriko zenaren entsegua izan zen.
Garrantzitsua zen oheak ondo egitea, jantzia ondo bilduta edukitzea, armairua txukun jasotzea... Guztiak puntuatzen zuen ezagutzen ez genuen azken sari bat lortzeko. Partidaren une erabakigarria iritsi zen, boloetara egin, eta Garaziri esker, sari ederra lortu genuen: Iparraldeko ur-parke batera eraman gintuzten!
Haurtzaro eta gaztaro ia osoa GEROn eman dut. 7 dantza ikuskizunen antzezpenean aritu naiz; 7 istorio kontatu ditut dantzaren bidez. Abesti herrikoi asko ikasi ditut eta euskal kantautore handiak ezagutu ditut ikuskizun horiek guztiak prestatzen eta ikuskizun horietan dantzatzen.
Adin guztietako eta nazionalitate askotako pertsonekin izan naiz harremanetan. Europa osoan zehar bidaiatu dut (Frantzia, Gales, Eskozia, Italia, Portugal, Alemania, Belgika, Holanda, Danimarka, Polonia, Eslovenia, Kroazia, Txekia, Grezia, Serbia, Hungaria...).
Ezkontzetan, kongresuetan eta ekitaldi handietan dantzatu dut. Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Iruñeko Baluarte auditorioan, Aberdeengo His Majesty 's Theatre antzoki handian aritu naiz dantzan, baina baita herri txikietako plazetan, zaharren egoitzetan, ikastetxeetan, Olentzeroren desfilean...
Galesko Llangollen lehiaketa entzutetsuaren sariaren aintzatespenaz gozatu dut. Taldearentzako dirua biltzeko ekintzetan parte hartu dut; janari eta edari postuak antolatu ditut; herri bazkarietan lagundu dut; kamisetak eta litxarkeriak saldu ditut hainbat proiektutarako dirua biltzeko.
Euskal dantza irakatsi dut. Abarkak edo buruko zapiak behar bezala lotzen ikasi nahi zutenentzako lantegiak eskaini ditut. Erreportajeetarako eta taldearen promoziorako argazki-modelo gisa jardun dut.
Desfileetan parte hartu dut. Autografoak eskatu dizkidate. Europako telebistetarako elkarrizketak egin dizkidate. Agurretan negar egin dut. Juan Luisen eta Andoniren txorakeriekin barre egin dut. Haserretu ere egin naiz inoiz eta errieta ere egin dut. Azkenean, bizitzako esperientzia oso bat izan da, pertsona gisa hazten lagundu didana.
Nire azken emanaldia 2019an izan zen, eta orain distantzia batetik eta nostalgia pixka batekin ikusten ditut ikuskizun berriaren prestaketak. Une zailak dira. Pandemia egoerak prestaketa eta entsegu erritmoa hautsi du. Zorionez, badirudi laster taularatu ahal izango dugula azkenean, Higa GEROren ikuskizun berria, pandemiagatik hainbat aldiz atzeratu behar izan dena.
Ikuskizunean erabiliko diren jantzietako batzuk ikusi ditut, eta musika-piezaren bat ere entzun dut. Irrikaz nago unea irits dadin; estreinaldi bat antzokiko besaulki-patioan eserita ikusteko aukera izango dudan lehen aldia izango da hau.
Ziur nago esperientzia gazi-gozoa izango dela. Inbidia emango dit dantzan ikusteak, eta hunkitu ere egingo naiz, seguru,, baina asko gozatuko dut haiek ikusten, eta txalo egingo diet erakutsi duten ahalegin, adore eta konfiantzagatik, are gehiago hain garai zailetan egin duten esfortzuagatik.
Gora Gero ta Gerotarrak!!!
Gora!!!
Dantzari anonimoa