Dantza eskola. Harrobia
Gero eta nabarmenagoa da edozein ariketa fisikok ondorio onuragarriak dituela haurren eta gazteen ongizate pertsonalaren hobekuntzan, hala alderdi fisikoan nola psikologikoan eta baita ere maila sozialean.
Gero Axularrek Euskal Dantza eskaintzen du eskolaz kanpoko jarduera gisa Haur Hezkuntzatik hasita, dantzak ekarpen ugari egin baititzake haurren, nerabeen eta gazteen garapen-prozesuan.
Izan ere, jarduera hau ezin egokiagoa da neska zein mutilentzat. Taldeka egiten da, eta interakzio sozialeko esperientzia paregabea eskaintzen du. Horri esker, haurtzarotik nerabezarora arte luzatzen diren adiskidetasun loturak ahalbidetzen ditu, eta batzuetan, betikotu ere egiten dira pertsonen bizitza osoan zehar.
Bestalde, musikarekin garatzen da eta horrek oso eragin positiboak ditu Besteak beste, musika-trebetasunak garatzen laguntzen die, eta musikak berak ere giro egokia sortzen du gazteek beste gaitasun batzuk modu osasungarri eta dibertigarrian garatu ahal izan ditzaten.
Hona hemen ONURA ESANGARRIENETAKO batzuk:
Maila fisikoan:
Adin hauetan dantza egiteak lagundu egiten du garapen fisikoan, trebetasun motorrak eskuratzen, psikomotrizitatearen kontrola garatzen, koordinazioa eta oreka hobetzen. Haur batek dantza mugimenduak ikasten dituenean, gorputzaren kontzientzia handiagoa garatzen du; gainera, malgutasuna, indarra eta erresistentzia fisikoa hobetzen ditu.
Maila psikologiko eta emozionalean:
- Autoestimua eta motibazioa indartzen ditu.
Autoestimua handitzeak eta hobetzeak baikortasun, oreka, ongizate eta doikuntza emozionalaren sentsazioa ematen du. Dantzak sortzen duen plazer eta ongizate sentsazio horrek eragin zuzena du autoestimuan eta motibazioan, eta bi alderdi horiek oso erabakigarriak dira garapenaren etapa hauetan.
Dantza egiten denean, burmuinak endorfinak askatzen ditu (ongizate-sentsazioa sortzen duen neurotransmisoreak), eta, ondorioz, gogo-aldartea berehala handitzen eta hobetzen da, eta pertsona baikorrago sentitzen da.
Dantzarekin egiten den mugimenduaren bidez, bestalde, gogo-aldarteak, sentsazioak, sentimenduak eta emozioak modu naturalean adieraz daitezke. Baina, batez ere, gozamena eta ondo pasatzea lortzen da dantzari esker. - Konfiantza handiagoa sortzen du bai norbere buruarengan eta baita ere dantza-taldeko beste kideengan.
- Sormena eta irudimena sustatzen ditu. Dantzarekin sormen-trebetasunak garatzen dira, eta, behin garatuta, bizitza osoan biziberritu ahal izango dira behar diren pizgarriak baliatuta.
- Antsietatearen, estresaren eta depresioaren sintomak murrizten ditu.
- Funtzio kognitiboak indartzen eta hobetzen ditu; era berean, arreta, pentsamendu-argitasuna, memoria eta buru-arintasuna erabiltzeko eta zentratzeko gaitasuna nabarmen hobetzen ditu.
Ihes balbula gisa dantzatzeak eguneroko arazo eta kezketatik libratzea edo deskonektatzea ahalbidetzen du, batez ere, pentsamendu negatiboak blokeatzen baititu gorputzaren atal guztiak koordinatzen ikasteko behar den kontzentrazioak - Autokontrola eta autokritika sustatzen ditu. Autonomiarako gaitasuna eta kontrol-sentsazioa areagotu eta hobetzen ditu, eta herabetasuna eta "barregarri geratzeko beldurra" gainditzen eta besteekin harremanetan jartzen ere lagun dezake. Beraz, dantza-eskolak lagungarri izan daitezke pertsona lotsatienek gizarte-trebetasun horiek hobetu ahal izan ditzaten.
- Erantzukizunak hartzen, betetzen eta hartutako erantzukizunez arduratzen irakasten du, garapen pertsonala sustatuz eta autodiziplina eta norberaren burua gainditzeko gaitasuna sustatuz. Amore ez ematen eta akatsetatik ikasten laguntzen du
Euskal dantza jarduera fisiko ez lehiakorra da, eta norberaren mugak gainditzeko sentimenduei mesede egiten die, gauzak ondo egitearen plazer hutsagatik eta urratsez urrats hobetzeko ahaleginarekin eta ilusioarekin; hain zuzen ere, gaur egungo gizartean hain gutxitan lantzen diren balioak horiek guztiak.
Maila sozialean:
Bestalde, beste edozein jarduera fisiko edo kirol-jarduera bezala, dantza izugarri eraginkorra da gizarte-harremanak sortzeko eta hobetzeko. Dantzaren bidez, hainbat balio sustatzen dira, eta garapenerako funtsezkoak diren beste alderdi batzuk ere lantzen dira: gizarte-trebetasunak, arauak onartzea, lankidetza-zentzu handiagoa garatzea, aintzatespena, tolerantzia, enpatia, errespetua, talde-lana, etab.Bai gizarte-trebetasunak eskuratzea, eta baita lagun zein harreman berriak egitea oso onuragarria izango da sozializazio-prozesuan.
Gainera, antzokietan, plazetan, eta, oro har, jendaurrean aritzeko aukera izatea esperientzia paregabea eta ahaztezina da. Emanaldietan eta, batez ere, atzerrira egiten diren bidaietan, kideen arteko loturak eta talde-sentimendua sustatzen dira.
Era berean, Gero Axularren parte izatea euskal kulturaren adierazpide gisa irudikatzen duen guztiaz harro sentitzeko arrazoia ere bada. Alegia, euskal dantza egitearekin identitate soziokulturala zabaldu eta aberastu ere egingo da, tokikotik abiatuta, baina, aldi berean, munduan zeharreko kultura guztietara zabalduta.
Rosa Gisasola, psikologoa