2004. urtean, Axular Lizeoko (Donostia) guraso batzuek GERO sortu zuten, euskal dantzan urrats bat haratago emateko asmoz. Taldeak ongi daki gure kultura, gorde eta zaindu ez ezik, landu eta bultzatu ere egin behar dela. Geroztik, zortzi ikuskizun original plazaratu ditugu: Sasi artean, Lamien basoa, Talaia, Xereta, Argizaiola, Itzal galdua Agorrila eta Higa. Lan horietan «jantzi» berri bat eman nahi izan diegu gure dantza eta musikei. Horretarako, dantzak gaurkotu ditugu, bestelako musikaz apaindu, argiaz margotu eta gaurko tresnez eta teknikaz hornitu. Horrela, ikuskizun moderno, erakargarri, hunkigarriak sortu ditugu.
GERO sortu zenetik, 48 jaialditan parte hartu dugu, eta 250 emanaldi baino gehiago eskaini (Frantzian, Belgikan, Italian, Portugalen, Alemanian, Hungarian, Polonian, Eskozian, Serbian, Kroazian, Danimarkan, Eslovenian, etab.). Jaialdietan ez ezik, dantza-lehiaketetan ere parte hartu dugu: batetik, 2011. urtean, Llangollenen (Gales) izan ginen, eta bi lehen sari lortu genituen, dantza tradizionaleko taldeen kategorian eta bakarkako dantzarien kategorian; bestetik, 2015ean, Groznyn (Errusia) dantzatu genuen, eta Txetxeniako Kultura Ministerioaren sari berezia eskuratu.
Hala ere, GEROk ez ditu soilik publiko orokorrarentzako ikuskizunak eta jarduerak garatzen edo ekitaldi publiko eta pribatuetan parte hartzen bakarrik. GERO, dantzarien, musikarien, familien eta kolaboratzaileen komunitate bat da, kultura eta balio zibikoak eta sozialak oinarri-oinarritik lantzen dituztenak.
GERON, dantzatzen ikasteaz gain, gure kultura-ondarea balioesten ikasten da. Horrez gain, kultura-kontzientzia lantzen da zentzu zabalean, gure historia, ondarea, erritualak, balioak eta mundu-ikuspegia balioetsiz, baina, era berean, beste kultura, musika, dantza, ohitura eta ikuspuntu batzuk ere aintzat hartuz. GEROn, arteekiko sentsibilitatea lantzen da, oro har, eta, bereziki, herri-arteekiko sentsibilitatea; historiarekiko interesa; janzkera eta jantzien estimazioa; kultura tradizionalak mundu garaikidean duen eginkizunari buruzko hausnarketa, etab.
Hori guztia hurbilketa plural eta inklusibo batetik egiten da, alborapenetatik ihesiz, eta kutura-jarduerak mundu modernoaren kezka eta beharrizanen testuinguruan kokatuz: genero-parekidetasuna eta aukera berdintasuna; jatorri, profil eta adin desberdineko pertsonen arteko bizikidetza eta harremana; behar bereziak dituzten pertsonen inklusioa, etab.
GEROren bokazioa ezaugarritu duen bereizgarrietako bat da "gaixotasun arraroak" deiturikoen eraginpean dauden pertsonekin eta haien familiekin duen konpromisoa. Baita ere gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden edo bazterkeria egoeran bizi diren kolektiboekin lan egiten duten eragileekin lankidetzan aritzea.