Aurten, lehen aldiz, Donostiako AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolako ikasle bat izan dugu Gero Axularren, Saioa Royo.
Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzigintza Graduko ikaslea da Saioa, eta, ikasketa-programaren barruko praktikak osatzeko, Geroko jantziak josten eta konpontzen eman ditu hiru hilabete. Praktikaldian, Ane Martínez Geroko jantzi-diseinatzailearen laguntza izan du.
Saioak esan digunez, «oso gustora egon naiz zuekin lanean, eta asko ikasi dut. Gainera, taldearen jantziak oholtza gainean ikusteko aukera izan dut». Izan ere, martxoaren 26an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean Higaren emanaldia ikusi zuen.
«Taldeak barrutik nola funtzionatzen duen ikusi dut; agertokiaren atzealdean zer gertatzen den, jantzi-aldaketak nola egiten diren… Aukera paregabea izan da, eta oso esker oneko nago», adierazi digu Saioak.
Gu ere oso pozik aritu gara zurekin lanean, Saioa! Mila esker gurekin eman duzun denboragatik. Laster arte!