Dabilen harriari ez zaiola goroldioa itsasten, dio Axularren Gero liburu ezagunak. Eta oso ongi irudikatzen du Gero Axular taldearen jarduera.

2018/19 ikasturtea oso emankorra izan da Gero Axular taldeko kideontzat, eta udan ez gara geldirik egon; ez horixe! Baina hurrengo hilabeteetan ere ilusioz betetzen gaituzten proiektuak jarriko ditugu abian.

Une zirraragarriak, dudarik gabe, bizitzen ari garenak!


Udako jardueren balantze ezin hobea

2019ko uda ezin pozgarriagoa izan da Gero Axular taldeko kideentzat. Izugarri gozatu dugu guztiok ekitaldiz ekitaldi eta jaialdiz jaialdi, eta, ez hori bakarrik, harrera ezin hobea izan dugu atzerrian eta, zer esanik ez, Donostian bertan ere.

Nazioarteko lau jaialditan hartu dugu parte: Frantzian, Portugalen, Belgikan eta Polonian, hain zuzen ere. Horrez gain, Frantziako herri batean ere ikuskizun bat eskaini genuen, haien eskariz, udan antolatu ohi duten festa-egitarauen barruan. Kontaezinak dira ikuskizun horietara hurbildutako lagunak; kasu batzuetan harrigarria ere gertatu da ikustea zenbat jende bertaratu zen geure emanaldiak ikustera.

Urtero bezala, esperientzia ahaztezina izan da guztiontzat. Dantzariek, musikariek, arduradunek eta laguntzaileek izugarri gozatu dute geure kulturaren enbaxadore-lanetan, ikusirik nolako harrera eskaintzen dioten euskal dantzari mundu osoko ikusle, dantza-talde eta folklore-adituek. Era berean, gure dantzariek aukera paregabea izan dute beste kultura, hizkuntza eta mundu-ikuskerak ezagutu eta horiekin aberasteko ere.

Donostian ere arrakasta izugarria izan duten bi ekitalditan hartu dugu parte. Aste Nagusian leporaino bete zen Konstituzio Plaza Agorrila ikuskizunaren azken emanaldia ikusteko. Dantzarientzat, musikarientzat, teknikarientzat, arduradun artistikoentzat eta laguntzaileentzat hunkigarria izan zen ikustea nolako zirrara sortu zen jendartean, abuztuko giro epelean.

Horrez gain, 1813ko abuztuaren 31ko gertakariak oroitzeko urtero egiten diren ekitaldietan ere hartu du parte Gero Axularrek, lehen aldiz aurten, Donostiako Udalak hala eskatuta. Garai hartako herritarrek erabiltzen zituzten jantziak soinean, bi dantza solemne egin zituzten gure dantzariek Donostiako Martxa Zaharraren eta Donostiako Martxa Berriaren doinuei jarraituz, ekitaldi nagusiarem hasieran eta amaieran, hurrenez hurren.

Asko poztu gaitu, halaber, ezkontzetan dantzatzeak. Pozarren ikusten dugu nola dauden euskal dantzak gero eta integratuagoak ezkontza zibil zein erlijiosoen erritualetan. Eta ez bakarrik Euskal Herriko bikoteen kasuan; gero eta gehiago dira atzerriko bikoteak, Donostiara ezkontzera etorri, eta euskal dantzen ekitaldia eskatzen dutenak. Gora gu eta gutarrak!

#dotorejantzi proiektuari dagokionez, azpimarratzekoa da Belgikan egindako erakustaldia. Gero eta handiagoa da jantzi tradizionalak modu egoki eta gozagarrian erabiltzeko kanpainen eta ekimenen aldeko jarrera munduko herrialde askotan. Gure ekimenak oso harrera izan zuen Belgikako nazioarteko folklore festibalean bildutako askoren artean ere. Era berean, jakin-mina sortu zuen Portugaleko jaialdian egin genuen jantzi tradizionalaren erakusketa txikiak.


Ikasturte hasiera pozgarria

Orain, ikasturte berriari ekiteko garaia da.

Hilaren 16an hasiko dira dantza-eskolako saioak, eta bestelakoak. Nabarmentzekoa da gero eta sendoagoa den gurasoen taldea. Gogo betez datoz, hain zuzen ere, Gero Axularreko helduak, hurrengo urtean jaialdiren batean parte hartzeko planak jomugan.

Horrez gain, ikasturte honek hainbat berri pozgarri dakartza. Batetik, lehen aldiz, #dotorejantzi joste-ikastaroa eskainiko da Aieteko Kultur Etxean. Jada zabalik dago izena emateko epea. Animatu nahi zaituztegu bertan parte hartzera; ez dugu zalantzarik esperientzia bikaina izango dela guztiontzat.

Bestetik, 2020an Victoria Eugenia Antzokian estreinatuko den Higa ikuskizun berria prestatzen hasiko gara buru-belarri: agertokia, musika, dantzak, jantziak, attrezzoa, koreografia… Seguru gaude Geroren zortzigarren ikuskizun honek harritu egingo dituela ikusleak, eta izugarri motibatuko dituela GEROko kide guztiak.

Bitartean ere, eskerrik zintzoenak eman behar zaizkie ekitaldiak aurrera eraman ahal izateko, haien denbora, ahalegina eta gogo ona eskaintzen duten guztiei. Izan ere, ezin dugu ahaztu GEROren ekimenak ezin izango liratekeela aurrea atera auzolanarengatik ez balitz, eta, bereziki, eskuzabaltasunez, haien denbora GEROren proiektuari eskaintzen dioten pertsonen ekarpenik gabe.

Bizkor segi, guztiak!

FaLang translation system by Faboba