San Sebastian egunarekin batera, Donostiako neguko jai tradizionalei ematen zaie hasiera. Guztiek XIX. mendeko inauterietako jaietan dute sorburua. Izan ere, inauteriek garrantzi berezia zuten garai hartako donostiarrentzat. Gero Axular taldeak bat egiten du ospakizun hauekin, eta hainbat ekitalditan hartuko du parte aurten ere: danborrada, kaldereroak, euskal inauteria…
Ez bakarrik XXI. mendean edota XX. mendearen amaieran, XIX. Mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran ere, dibertsioa eta zirriparra ezinbesteko dira donostiarren bizimoduan. Horren adierazle dira Inauteriak, negu gorrian jai giroan igarotzeko egun antolatutako jaiak. Jai horien bidez donostiarrek gizarte-bizitza suspertzea bilatzen zuten, eta horrela neguaren gordintasunari aurre egin,; bereziki XIX. mendeko amaieratik XX. mendeko lehen herenera bitarteko epealdian.
Historian atzera eginez, oro har, Inauteriak otsaileko lehen egunetan abiatu izan dira eskuarki. Hain zuzen, Kandelario eta San Blas egunetan. Egun horietan jaki, kordel eta opilen bedeinkazioa egiten da. Ondoren, jai giroak aurrera jarraitzen du Santa Ageda bezperan eta Santa Ageda egunean. Azken egun horretan abesti eta dantza tradizionalak izaten dira protagonistak. Hala ere, Gipuzkoan eta zehatzago esatera Alabaina, Donostian San Sebastian eguneko danborradak irekitzen du jai giroko epealdi hori, urtarrilaren 20an. Beranduago, otsailean, Kaldereroen konpartsek eta Iñudeak-Artzaiak irudikatzeko konpartsek hartzen dituzte kaleak.
Gaur egun, Donostian Inauterietako jaien berezko ospakizuna ere egiten da neguko jaien itxiera gisa. Ostegun Gizenarekin hasten dira inauteriak, eta azken urteotan, astelehenez amaitu izan dira Sardinaren Ehorzketaren konpartsaren ekitaldiaren bidez. Inauterietako jaien egunetan zehar konpartsa historiko batzuk berreskuratu, eta alaitu egiten dituzte Donostiako kaleak: Oilarren Konpartsa eta Lorazainen Konpartsa dira entzutetsuenak. Horrez gain, toki egiten zaie, halaber, euskal inauteri tradizionalei ere, zehazki, Lantzeko Inauteriari.
Edonola ere, Donostiako inauteriak ez dira amaitzen Garizumaren hasierarekin. Izan ere, Trintxerpen zein Altzan tradizioa da Piñata Igandea ospatzea, eta indar handiz eusten zaio tradizioari gaur egun auzo horietan.
GERO AXULAR taldea bete-betean hartzen du parte jai hauetan: San Sebastian egunaren inguruko ekitaldietan, Groseko Kaldereroen konpartsan, eta abar. Horrez gain, Lantzeko Inauteriaren konpartsa antolatu eta dinamizatzen du Inauterietako jaietan. Gustu baduzue, zatozte gurekin gozatzera!
Iturriak: