Gero Axular Dantza Taldeak 14 urte bete ditu, eta, igandean, martxoaren 18an, Gerokideok elkarrekin ospatu genuen. Lehendabizi, «Honezkero Hamalau» deituriko emanaldi berezia egin genuen Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, eta, ondoren, Hernaniko Jauregi jatetxera joan ginen, elkarrekin bazkaldu eta festa giroan urteurrena ospatzera.


Ikuskizunaren hasiera oso hunkigarria izan zen, bezperan hil zen Gerokide baten oroipenean Agur jaunak jo baitzuten taldeko hiru txistulariek: Arantzazu Alustizak, Ander Arandiak eta Andoni Iparraguirrek, musikarien zuzendariak. Gainerako ikuskizuna dibertigarria eta aberatsa izan zen aldi berean, mota eta jatorri askotariko dantzak ikusi baitziren oholtza gainean. HH5, LH1 eta LH2ko txikienek egin zituzten buruhandien, kaldereroen eta Lantzeko lehenengo dantzak. Jarraian, LH3ko dantzariek sorgin-dantza erakutsi ziguten. Hortik aurrera, maila guztietako dantzariek, LH4tik nagusien taldera heldu arte, Juan Luis Unzurrunzaga zuzendari artistikoak taldearentzat sortu dituen ikuskizunetako dantza batzuk erakutsi zituzten omenaldi gisa. Dantzari helduek ere haien tartea izan zuten eta polka zoragarri bat dantzatu zuten, baita emanaldi amaierako dantza bikain bat ere.

Hilabeteetako lanaren emaitza da Lasarten ikusitakoa, dantzariek denbora dezente daramate eta ikuskizuna prestatzen. Baina esan beharra dago, musikari, teknikari eta laguntzaile guztiek egindako lana ere apartekoa izan zela, horrelako ikuskizunez gozatu ahal izateko, horien guztien lana ezinbestekoa baita. Horrez gain, ikuslegoak ere asko lagundu zuen. Antzokia bete-betea zegoen, eta dantzari eta musikariek asko eskertzen dituzte animo eta txalo-zaparradak. Eta, horrekin lotuta, bihotzez eskertu nahi diogu Manuel Lekuona kultur etxeari, Gerorentzat hain berezia den egun hori bertan ospatzeko aukera eman eta eskainitako laguntzagatik!

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi Gero Axular Dantza Taldeak duen kamiseta berria! Bi dantzarik taldearen 14 urteak irudikatzen dituzten diseinua Idoia Diaz Alkorta dantzari ohiarena da. Maketazioa, ordea, IPAR, Arte Grafikoen Tailerrak egin du.

Joan gure galeriara ospakizuneko argazkiak ikusteko!

contentmap_plugin

FaLang translation system by Faboba