Urtean zehar hainbat egunetan janzten ditugu gure jantzi tradizionalak; esaterako, Agate Deuna bezperan, Euskal Jaietan, San Tomas egunean, Gabonetan… Gogoan izan behar dugu baserritar jantzia jartzen dugunean ez garela mozorrotzen ari, antzina janzten ziren moduan janzten baizik.
Jakin badakigu jantzi egoki bat erostea edo egitea ez dela batere erraza, denetarik ikusten baitugu. Horregatik, euskal jantzi tradizionalaren inguruko ezagutzak partekatu nahi ditugu zuekin, ondo janzteak duen garrantzia ulertzeko eta ondo janzten laguntzeko.
«Baserritar jantzia» izeneko atalean, astero-astero argitaratuko dugu jantzien inguruko informazioa. Gainera, gure jantzien diseinuak erakutsiko dizkizuegu, eredu gisa.
Horretarako, baserritar jantzien inguruko informazioa eskaintzeaz gain, ondo janzteko beharrezko baliabideak eta aholkuak emango dizkizuegu.
Espero dugu emango dizuegun informazioa baliagarria izatea eta baserritar jantzia txukun janzteak duen garrantzia ulertzea. Hala eta guztiz ere, edozein galdera edo zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta laguntzen saiatuko gara!