HIGA da Gero Axular dantza-taldearen ikuskizun berria. Aurreko lanetan bezala, euskal historiaren eta kulturaren pasarte bat hartzen da ardatz, eta horrekin batera gaur egungo gizartean kezka-iturri diren gaiei buruzko gogoetarako bidea egiten da. Maiatzak 10 igandean, estreinatuko da Victoria Eugenia Antzokian.  

 

Hori bakarrik ez, gizarte-konpromisoa praktikara eraman da lan berri honetan EMAUS Fundazioarekin eta ApoyoDravet elkartearekin egindako hitzarmenei esker.

HIGAn hiru gai gurutzatzen dira:

1.- Emakumeek historikoki jasan duten zapalkuntzarena.

2.- Euskaldunok geure hizkuntza eta kulturagatik bizi izan ditugun erasoena.

3.- Garai guztietan jarrera aurrerakoia izan duten gizarte-taldeek beren eskubideak eta ametsak lortzeko egin behar izan duten borrokarena.

HIGA dantza-ikuskizunak gai horiek jartzen ditu taula gainean, eta esperientzia zirraragarria eskaintzen dio ikusleari, zuzeneko musikaren bidez, eszenografia landuarekin, tradizioan oinarritutako jantzi-diseinuak erabiliz eta euskal dantzan errotutako koreografia ederrak garatuz.

Ideia eta zuzendaritza, Juan Luis Unzurrunzaga koreografoaren eskutik dator; Gero Axular taldeko zuzendari artistikoa.

 

SINOPSIA

XVII. mendearen hasieran, Donibane Lohizuneko emakumeek inkisizioaren jazarpen izugarria sufritu zuten. Haietako askok tortura lazgarriak jasan zituzten, eta asko eta asko krudelki erail zituzten.

Gaurko hitzak erabiliz, feminizidio ikaragarria izan zen hura: gizonak arrantzan zeuden hilabete luzeetan, modu askean bizi ziren emakumeen aurkako eraso zuzena.Gertakariaren sorburua lurren jabetzagatik herrian zegoen auzi bat izan zen.

Frantziako Erregeak Pierre de Lancré izeneko epailea helarazi zuen bertara, auzia konpon zezan. Lapurdira iritsi, eta hantxe aurkitu zuen emakumeek gobernatzen zuten gizarte-antolamendua, eta berak arrotzak zituen hizkuntza eta kultura berezi bat.

Epailearen mundu-ikuskeran onartezina zen emakumeak bakarrik geratzea, etxearen eta familiaren kargu ez ezik, herria gobernatzen ere, gizonak Ternua eta Labradorera arrantzan zihoazen bitartean

Mutiko eta neskatoei egin zizkien galdeketak, eta ondorioztatu zuen lapurtarrak ez zirela frantziarren edo espainiarren ezpalekoak. Ez zitzaion gustatu ez haien bizimodua, ez haien lan egiteko modua, ezta haien janzkera edota dantzak ere

Bere irudiko, bereizgarri horiek deabruaren egite txarraren ondorio izan behar zuten. Alegia, deabruak hartuta. demonioaren nerabe ziren emakume haiek; are okerrago, Aker Beltzaren adoratzaile. Hori buruan, Akelarreak antolatzeagatik salatu zituen.

Ondorioak ikaragarriak izan ziren: emakume ugari torturatu eta sutara bidali zituen. Gizonezkoak lurreratu zirenean, ezin sinetsirik geratu ziren sarraskiaren ondorioekin aurrez aurre egin zutenean. Haatik, Donibane Lohitzunen Maria Bonneri heriotz-zigorra jarri ziotenean, matxinadan altxa ziren Pierre de Lancreren aurka.

 

 

 

 

 

FaLang translation system by Faboba