Ezohikoa izan da aurtengo uda; ezin izan dugu birarik egin Europan, ezta Aste Nagusian eta Donostiako beste jai batzuetan parte hartu ere. Baina atseden hartu dugu, eta pilak kargatu, gogotsu itzultzeko.

Iraileko agenda bete-betea dugu, eta horrek oso pozik jartzen gaitu, gure proiektuak aurrera eramateaz gain, jendeari euskal kultura hurbiltzen jarraitu ahalko baitugu.


Ikasturte berri honetan, bada bereziki ilusionatzen gaituen zerbait: Higaren estreinaldia. Gogoz eta indarrez hasiko ditugu entseguak gure zortzigarren ikuskizuna oholtzara eramateko prest izateko.

Uste baino beranduago estreinatuko dugu, baina ziur gaude itxaronaldiak mereziko duela. Emanaldi hauek ditugu aurreikusita udazken honetarako:

Urriaren 23an, 19:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean (Lasarte-Oria)
Azaroaren 21ean, 18:00etan, Soreasu Antzokian (Azpeitia)
Abenduaren 11n, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian (Donostia)

Sarrerak salgai jarri bezain laster jakinaraziko dizuegu gure sare sozialen bitartez, beraz, jarrai gaitzazue gure Facebookeko, Instagrameko eta Twitterreko kontuetan.

Esku artean ditugun egitasmoen artean, nabarmentzekoa da #dotorejantzi. Gure lehenbiziko ekitaldia Zorroaga Fundazioarekin elkarlanean izango da: jantzi tradizionalen desfile bat antolatu dugu egoitzako aiton-amonentzat, eta gure musikariek emanaldi bat eskainiko dute. Pandemia-egoera dela eta, muga asko izan dituzte egoiliarrek, eta, jarduera honen bitartez, apur bat alaitu nahi dugu beraien egunerokotasuna.

Bestetik, jantzi tradizionalen erakusketak egingo ditugu, ApoyoDravet elkartearekin sortutako DravetTzari ekimenaren barruan eta Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan. Lehenengoa Ezkioko Igartubeiti baserri ederrean izango da, eta ikusgai egongo da irailaren 16tik urriaren 14ra. Horrez gain, irailaren 25ean, dantza-emanaldi bat egingo dugu bertan. Hurrengo erakusketak Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean eta Urbil merkataritza-gunean izango dira, urrian eta azaroan, hurrenez hurren.

Ikusten duzuenez, lanpetuta ekingo diogu ikasturte berriari, baina ez dago esku artean ditugun proiektuak aurrera eramateko beste modurik!   

 

 
 
FaLang translation system by Faboba