Taldearen jarduera gehienak bezala, Higaren estreinaldia ere atzeratu behar izan genuen, 2020ko apirilean estreinatzekoa baitzen, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Itxaronaldia luzea izan bada ere, hilabete hauek guztiak aprobetxatu ditugu xehetasunak leuntzen jarraitzeko eta ahalik eta ikuskizunik onena eskaintzeko.

Azken hilabete hauetan, bereziki, promoziorako bideo berria ekoitzi dugu, laster ikusi ahal izango duzuena. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin; adi egon gure sare sozialei, ikusten lehenak izan zaitezten. Instagramen, Facebooken, Twitterren, Youtuben eta Flickr-en jarrai gaitzakezue!

 

Higa da Gero Axular dantza-taldearen ekoizpen berria. Ikuskizuna euskal kulturako pasarte historiko batean oinarritzen da, eta egungo gizartean gori-gorian dauden gaiekin lotzen du, gaur egun kezka sortzen duten erronka sozialei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duen esperientzia eskaini nahian.

 
Obra berri honen konpromiso soziala harago doa. Izan ere, EMAÚS edo ApoyoDravet taldeekin lankidetzan gauzatu da.
 
HIGAn hiru gai nagusi lantzen dira:
 
1.- Emakumeek historikoki jasan duten diskriminazioa.
 
2.- Euskal kulturak askotan jasan duen ulertezintasuna.
 
3.- Zenbait gizarte-taldek garai historiko guztietan erakutsi duten adorea, hainbat motatako bidegabekeriei aurre egin behar izan dietelako.
 
Higak gai horiek guztiak daramatza oholtzara, esperientzia zirraragarria eskainita, euskal dantza tradizionalean oinarritutako koreografia landuen bitartez.
 
Hori guztia, eszenografia zainduak eta jantzien bilduma ikusgarriak lagunduta, Juan Luis Unzurrunza Gero Axular dantza-taldeko koreografo eta zuzendari artistikoaren zuzendaritzapean.
 

Higaren atzeko istorioa
 
XVII. mendearen hasieran, Donibane Lohizuneko emakumeek jazarpen gogorra jasan zuten Inkisizioaren aldetik. Askok torturak jasan zituzten, eta hil ere egin zituzten.
 
Feminizidio izugarria izan zen; gizonak itsasoan zeuden bitartean bizitza autonomoa zuten emakumeen aurkako jazarpen masiboa.
 
Gatazkaren eragile nagusia Pierre de Lancre epailea izan zen, Frantziako erregeak Lapurdira bidali zuenean lurrekin lotutako arazo bat konpontzeko. Epaileak emakumeek gobernatutako lurralde bat aurkitu zuen, baita ezagutzen ez zituen hizkuntza eta kultura ere.
 
Sinestezina zitzaion emakumeak bakarrik geratzea etxea eta familia zaintzen, marinelak Ternua eta Labradorren bakailaoa arrantzatzen ari zirela.
 
 
 
Lan handiko hilabeteak
 

WhatsApp Image 2021 06 13 at 16.37.27

Gure dantzariak eta musikariak gogor eta ilusio handiz ari dira lanean proiektu berri honetan. Azken asteetan, entsegu orokorrak egin ditugu Urnietako Sarobe antzokian, oholtzara ohitzen joateko.
 
Entsegu horiek oso garrantzitsuak dira, bai ikuskizunaren azken emaitza ikusteko bai dena aurreikusi moduan egiten dela ziurtatzeko. Azken ukituak emateko unea ere izaten da, lan guztia aurrera atera dadin. Oso pozik gaude talde osoak hartu duen konpromisoarekin, garai hauetan horrelako entseguak antolatzeko, aldez aurretik lan handia egin behar baita. Entsegu orokor guztiak agintariek ezarritako osasun-protokoloak betez egin dira. 
 
Aurretik esan dugun bezala, denbora asko ematen dugu musika eta elementu originalak ekoizten; adibidez, gure ikuskizunean entzun ahal izango duzuen abesti bat Andoni Iparragirrek sortu du, hasiera-hasieratik taldeko musikaria izan denak. Gure Youtubeko kontuan entzun dezakezue, esteka honetan klik eginez: Iparra.
 
Oraingoz hiru emanaldi aurreikusi ditugu: lehena Manuel Lekuona K.E.-n izango da (Lasarten, urriaren 23an, 19:00etan), bigarrena Soreasu Antzokian (Azpeitian, azaroaren 21ean, 18:00etan) –biak Sareak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako dantza zirkuituaren barruan–, eta hirugarrena Victoria Eugenia antzokian (Donostian, abenduaren 11n, 19:00etan).
 
 
FaLang translation system by Faboba