Harrigarria badirudi ere, 20 urte igaro dira Axular Lizeoko guraso talde batek, euskal dantzako eskolen jarraitutasunaz arduratuta, Gero Axular Kultur Taldea sortu zuenetik. Hain zuzen ere, 2004ko ekainaren 28an sinatu zen kultur-taldearen eratze-akta, eta geroztik, euskal tradizioa bultzatzen aritu da, ilusio, inplikazio eta ahalegin handiz, eta 600 dantzari inguru dira gure dantzak plazetan dantzatzen dituztenak.

Taldearen 20. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte urtean zehar egiteko, eta horien berri eman zuten, apirilaren 10ean, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan egindako aurkezpen-ekitaldian.

 

Historia apur bat

Hogei urteko ibilbide honetan, 8 ikuskizun egin dira: Sasi Artean (2005-2006), Lamien Basoa (2007-2008), Talaia (2009-2010), Xereta (2011-2012), Argizaiola (2013-2014), Itzal Galdua (2015-2016), Agorrila (2017-2019) eta Higa (2021-2023). Ikuskizun guztien ideia originala, koreografia eta zuzendaritza Juan Luis Unzurrunzagarenak dira; musikaren arduraduna eta sortzailea Andoni Iparragirre da; Ane Martinez jantzien diseinuen sortzailea, eta Gurutze Telleria ekoizpenaren arduraduna.

Nabarmentzekoa da taldean parte hartu duten musikariek kanta herrikoien 185 pieza interpretatu dituztela, koreografien beharretara egokituta, eta hainbat pieza ere konposatu dituztela. Azpimarratzekoa da, baita ere, taldeak urteetan zehar euskal tradizioari begira egindako ikerketa-lana. Horren emaitza dira diseinatu eta ekoitzi dituzten jantziak: 3.000 pieza dira euskal tradizioak eman dituen 50 jantzi-eredu desberdin osatzen dituztenak.

Dena den, ikuskizunak aurrera eraman ahal izateko, boluntarioak ezinbestekoak dira: dantzari taldeen zaintzaileak, argazkilariak, eszenografia prestatzen eta kentzen aritzen direnak, teknikariak, jostunak, kontabilitate-aholkulariak… Oholtzatik kanpo egiten den lana, askorentzat ikusezina bada ere, funtsezkoa da.

Gero Axular Kultur Taldeak euskal folklorea sustatzea du helburu, eta horregatik parte hartzen du gure hiriko eta auzoko tradizio guztietan; hala nola Euskal Jaietan, San Sebastian egunean, kaldereroetan, inauterietan, San Juan suan, San tomas egunean, Olentzeroren desfilean… Baina gure mugez kanpo ere aritu da gure kultura zabaltzen. Izan ere, mundu osoko 52 folklore-jaialditan parte hartu du, eta hainbat sari jaso ditu dantza-lehiaketetan; zehazki, Llangollengo Folk Jaialdian (Gales), Cantonigróseko Jaialdian (Katalunia) eta Groznyko Folklore Jaialdian (Txetxenia). 2023an, munduko hainbat dantza talderen artean aukeratua ere izan zen Txinako Taiyuan hiriko nazioarteko lehen folklore-jaialdian parte hartzeko. Bertan, Geroko dantzariek 1.000.000 ikusleren aurrean emanaldi bikainak eskaini zituzten.

Ospakizunak

Lehen esan bezala, Gero Axular Kultur Taldearen 20. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dira urtean zehar.

  • Apirilaren 21ean, Tolosako Leidor Antzokian, oholtzara igoko dira bai taldean aktibo dauden dantzariak bai dantzari ohiak, bai eta taldeko musikariak ere. Sarreren salmentarekin bildutako dirua ApoyoDravet elkarteari emango zaio.
  • Abuztuaren 13an, Konstituzio Plazan (Donostia), 11 eta 25 urte bitarteko dantzariek nazioarteko folklore-jaialdietako piezak dantzatuko dituzte.
  • Urriaren 19an, Victoria Eugenia Antzokian (Donostia), urte hauetan guztietan taldean parte hartu duten musikariekin eta Easo Abesbatzarekin batera, egindako ikuskizunetatik ateratako koreografia sorta bat antzeztuko da.
  • Oraindik data eta lekua zehaztuta ez dagoen arren, erretiratuei eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako kontzertu bat emango da, taldearen sorreratik gaur egunera arte parte hartu duten musikarien eskutik.

Dantza- eta musika-emanaldiak alde batera utzita, beste hainbat ekintza ere egingo dira:

  • 2024ko abenduaren 13tik 2025eko urtarrilaren 2ra, San Jeronimo kaleko kriptan, ikusgai izango dira Gero Axularren ikuskizunetan erabilitako 40 jantzi.
  • San Sebastián Moda Festival ekitaldiaren barruan, Balenciaga Museoan egiten den desfilearen irekieran izango da taldea: 26 jantzi ezberdin erakutsiko dira eta zenbait dantza egingo dira.
  • Bideo-dokumental bat aurkeztuko da, taldearen historia, errealitatea eta erronka berrietara egokitzeko duen gaitasuna nabarmentzeko. Antzeko egoeran dauden beste kolektibo batzuentzako eredu izatea du helburu.

Ospatu ditzagun elkarrekin Gero Axular Kultur Taldearen 20 urteak!

FaLang translation system by Faboba